XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ASTEKO BERRIAK. Joan-jin bat

Erran dautzuegu, azkeneko aldian, nola gerlako zazpi untzi handi joanak ziren Toulondik Turkiako eskualdeetarat buruz.

Ginion, untzi hoien ikhusteak izituren zuela naski Turkoen emperadorea, eta hori zitekela makhurraren lasterrenik antolatzeko bidea.

Holahola gerthatu da.

Gure gerlako untziak jabetu dire Turkoena den leihor batez.

Leihor horrek Mytilène du izena.

Untzi hoik manatzen dituen aitzindariak erran du, leihorraz jabetu ondoan: Frantziak atchikiko duela Mytilène hori, berea balu bezala, makhurra antolatu arte, eta hor bilduko dituen zergekin kobratuko dituela Turkoen zorrak.

Turkiako emperadorea, holako berri bat aditzearekin, ez da berehalakoan lotsatu.

Beiratu du alde orotarat, ikhusteko eia Europako erresumetan ez zen bat bederen higituren edo oihuka hasiren, gure ausartzia gaitziturik.

Bainan largabistarik hoberena harturikan ere, ez du nehor ikhusi laguntzerat heldu zitzaionik.

Irakurtu ditu orduan eskualde gehienetako kazetak, jakin nahiz zer iduritzen zitzaion erresumetako populueri, Frantsesen egitate hortaz.

Eta huna zer irakurtu duen kazeta hoitan: ororen arabera, Frantsesek ongi egin dutela hola lotzea, beren zuzenen beiratzeko eta Turkoeri muthurreko on baten emaiteko.

Holako gauzak irakurtu dituenean, emperadorea betbetan emetu da: gaztiatu diote gure gobernamenduko gizoneri, onetsiko dituela hek galdaturen diozkatenak oro.

Beraz orduan gure minixtroeri zagon mintzatzea, eta mintzatu dire galdatzen diotelarik, ez bakharrik zorren pagatzea, bainan oraino abantail frango, fraide eta serora frantsesek eskualde hetan dituzten komentu, eritegi eta eskolentzat.

Horra nola: eskola, komentu eta eritegi hoik handi eta emenda ditezkela, trabarik gabe eta ez dutela zergarik arras guti beizik pagaturen.

Turkiako emperadoreak hitzeman ditu oro; eta berehala, minixtroen manuz, gure gerlako untziek utzi dute Mytilène delako leihorra, eta bidean dire Frantziarat buruz, joan-jin labur bat eginik.

Orai ikhusiko dugu, ez othe garenez sobera laster handik jalgi.

Gure untzi izigarriak urrundu direla jakitearekin, ez othe da emperadorea urrikituko egin dauzkigun agintzez?.

Huna bertze gauza bat ongi jakin nahia naizena: zer othe dion Turkiako emperadoreak bere baithan, ikhusten dituenean gure minixtroak hola arthaz betheak Turkian ditugun fraide eta serorentzat, eta bizkitartean beren egin ahalak egiten, Frantzian berean, fraide eta serora hoien zuzen oroz gabetzeko.

Monteil

Lehenago jadanik mintzatu izan gitzaitzue jaun hortaz, eta badakizue dela Haute-Vienne eskualdeko prefeta, gizon bat nahasia eta framazon tzarrenetarik.

Tzar hoitan ere ba omen dire maitagarriak direnak; bainan hau higuindua da oroz edo bederen gehienez.

Bizkitartean Waldeck-Rousseau, minixtro-nausiak atchikitzen dio handizki, zeren galdatu lan zikin guziak egiten baitiozka gogotik.

Beraz Monteil delako prefet framazon eta nahasi hortaz izan dute solas, joanden astean, jaun zenaturrek, beren bilkuretarik batean.

Haute-Vienne eskualdeko zenatur bat errenkuratu zaio borthizki kargudun ortaz Waldeck-Rousseau minixtro nausiari.

Huna zer duen erran zenatur horrek:.

Monteil prefetak zelatariez bethea duela eskualde guzia, jakiteko, ez bakharrik kargudun eta emplegatuentzat, bainan oraino bertze hainitzentzat, ere eia elizan ibiltzen diren, zein eskoletan dituzten beren haurrak, non eta norekin dabiltzan heien andreak.

Jaun zenatur horren arabera, ez gare Errepublikan jarriak, gure buruak hola zelatatuak ikhusteko.